Ekaina 19, 2008
Egilea: unai | Data: 2008/06/19 11:45
7 Eskaleren garaiko “7 Eskale kalez kale” bertso-kanta erabili izan dugu emanaldi guztiak inprobisatuz agurtzeko. Hala egin genuen Platerueneko emanaldian ere. Zelanbait esateko, agurraren agurra izan zen pieza hau. Hortxe isildu ginen Gutarrok. Edonola ere, gure hasierako bertsoen testuingurua ulertu dezazuen, esan beharra dago, minutu batzuk lehenago Xabier Amuriza, Maialen Lujanbio eta Jon Maia aritu zirela bertsotan. Bertso horietako batean Maialenek arpa jo zigun esanaz eboluzio handia ikusi zuela gugan, lehenago estatikoak ginela eta orain eskuak behintzat mugitzen genituela. Hortik ekin genion gero tokitan amaitzeko.
Oharra: irudiak eta errealizazioa, bistakoa denez, emanaldia grabatu zuten GOITBko lagunenak dira. Eskerrik asko eurei!
Ekaina 18, 2008
Egilea: unai | Data: 2008/06/18 12:48
Plateruenean izan ez zinetenok emanaldiaren eduki gehiago eskura izan dezazuen lanean jarraituz, hona hemen “Dr.Jeiki & Mr. Jai” bertso-kanta gonbidatu bereziekin. Batetik Ander Lipus handia (ohiko emanaldietan bere ahotsa erabili ohi genuen off-ean) sarreran eta, bestetik, Javi Cepeda gitarrajole harrigarria bere sei sokekin direnak eta ez direnak egiten. Izan bedi zuen gozagarri!
Ekaina 17, 2008
Egilea: unai | Data: 2008/06/17 14:43
Lehenago ere jarri genuen bertso-collage honen bideoa, aspaldi. Baigorrin grabatu genuen hura, gure hirugarren emanaldian. Oraingo hau, jakina, gure azken emanaldian jasotakoa da. Baigorriko hartan ohartu ginen Igorrek ideiarekin izan zuen “harrikadak” bete-betean funtzionatu zezakeela, hasieran musikariak zalantzaren bat edo beste izan baitzuen. Durangon konturatu ginen, funtzionatu ez eze, jendeak ikasi ere egin duela.
Plateruenera hurbiltzerik izan ez zenutenontzat. Zuen alde!
Ekaina 16, 2008
Egilea: unai | Data: 2008/06/16 17:30
Ostiral gaueko unerik politenetakoa izan zen. Hasi ginenetik gehiago lehenengo kantutzat geneukan “Agurra” bisetara pasa genuen azkenekoan. Alex Ruiz de Azuaren albokaren laguntzaz ekin zioten Josuk, Aitorrek eta Xanpek kantuari eta gero etorri zen ederrena. Bakoitzak bere kabuz eta sekretupean prestatua zuen bertsoa eta nork bere ahotik kantatu zuen. Eskerrak behin honez gero ezin dutela Bizkaiko bertsolari txapelketan izena eman. Ederra!
Ekaina 16, 2008
Egilea: unai | Data: 2008/06/16 12:56

Itzela izan zen iragan ostiralekoa. Zaila da Gutarrontzat horretaz gogoratu eta ez hunkitzea. Plateruena bete-beteta (600-700 gutar, hamaika euskal herritatik etorriak), urte eta erdian bidelagun izan ditugun Gutar gonbidatu piloa aldamenean eta giro deskribaezina parean. Ez da erraza berba egokiak aurkitzea. Bakarra aukeratu behar bagenu, ITZELA, aukeratuko genuke. Baina goazen astiro-astiro.
Lehenik eta behin eskerren tartea. Taula gainean sentimenduak borborka daudenean ez da erraza izaten esan behar diren denak esatea eta esan behar ez diren batzuk ez esatea. Beraz, berriz ere berbetan korapilatu aurretik, bihoazkie gure eskerrik beroenak ondorengoei: Platerueneko talde teknikoa, biba zuek! (Txiki koordinatzaile orotarikoa, Jon Olabarriaga sound-machineman, Gaizka, argiaren magoa eta Dumi, gure monitoreetako kapritxogilea); bideoz, fundamentuz grabatzen aritu zen GOITBko ekipoa (Debagoiena calidade) eta Ruben (free-lance ); bide hau hasi genuenetik gurekin izan ditugun Lankuko adiskideak (Unai Elizasu, edozein trainerutarako moduko mutila eta Mikel Mariskal, euskal man in black onena); Asier Arroita, Gu ta gutarrak-en begi sensiblea (afitxa eta diskoa diseinatu ditu eta gure fundamentuzko argazkiak bereak dira. Baita kronika honetan erabiliko ditugunak ere. Galeria osoa ikusteko, hemen); Asisko Urmeneta eta Aitor Txarterina (beraien marrazkiak proiektatu arren behar bezala aipatu ez genituelako); eta, zelan ez, Plateruenera bildu zineten gutar guztiok.
Emanaldia.

Bixente Martinez izan genuen lehenengo Gutar gonbidatua. Bixenterekiko duguna, adiskidantzaz gainera, neurrigabeko esker ona da. Eibarko emanaldian (2007ko uztailaren 2an), gonbidatu izan genuen; diskorako Metaforen gerratea bertso-kantaren moldaketa eta nahasketa egin zuen; aurkezpen biran gurekin izan zen eta Aitor Rubioren (gutar player) larrialdi batean, lau emanalditan Gu ta gutarrak taldeko kide bezala aritu zen. Halaxe kontsideratzen dugu Bixente, gure Debru fingers.


Leire Bilbao, Gotzon Barandiaran (Katamalo) eta Jose Angel Irigaray izan genituen hurrengo gonbidatu: poetak. Poesiaren eta bertsolaritzaren arteko harremanaz aritu ziren lehenengo biak, koplatan, bertsolarien eta poeten hizkuntza konpartitu horretan. Jose Angelek, gure interpretazioaren arabera, sorkuntzaren funtzioaz errezitatu zuen, libertitzeaz eta subertitzeaz. Subertea geurea, halako lagunekin!

Ander Lipus eta Javi Cepeda. Lipus izan zen gure lehenengo Gutar gonbidatua (Bilbo 2007ko otsailaren 1a). Bere ahotsa erabili dugu emanaldi guztiotan Dr.Jeiki & Mr. Jai kantuaren sarrera moduan eta lehengo barikuan Durangon, lehenengo emanaldi hartan legez, zuzenean egiteko modua izan genuen. Ahots hutsa indartsua bada, zer deritzozue presentziari? Taulagaineko munstroa da Lipus.
Javi Cepeda (Danba) eta gutarron arteko harremana ere aspaldikoa da. Bigarren despedida du gurekin laudioarrak, izan ere, orain auskalo zenbat urte 7Eskaleren agurra egin genuen hartan ere gurekin izan zen. Euskal Herrian izan den wa-warik onena eta gitarrarik sensibleenetakoa bera. Plazer handia, Javi!

Rafa Rueda. Zer esan euskal pop-rockaren arimaz? Gure lehenengo emanaldira beldurrez joan zela aitortu zigun Bilbon. Beldurrak uxatu omen genizkion (edo noizbait uxatuko genizkiola konbentzituta atera zen) eta pare bat bertso-kanta gogoan hartu zituen. Nahi zuena aukeratu zezala esan genion diskorako konponketak egiteko eta Noiz hasi ote zen dena aukeratu zuen. Diskoaren grabaketa eta nahasketan, aurkezpen biran eta deitu izan diogun bakoitzean han izan da bera eta bere barre algara. Eskerrik asko!

Tipul eta Putil. Aipatu izan dugu gure ibilian lagun zaharrekin berriz ere topo egin dugula eta baita berriak egin ere. Horietarik dira Tipul eta Putil. Sarako emanaldian lehenengo eta Pagolakoan gero, jendea irriz jartzeko duten doainaren berri izan genuen. Durangon aldamenean nahi genituen eta espero dugu Beñaten (zein den Beñat? Tipul ala Putil? Auskalo!) ardiek ez zutela faltan hartuko egun batekoagatik. Gozatu zuen jendeak beraiekin. Biba zuek!

Juan Junda. Gutarren manifestua botatzera atera behar zen Juan Junda, baina Ander Lipusekin elkarrizketan hasi (horra hor Dr. Jaiki eta Mr. Jai) eta bereak eta bi botata joan zen gure bertsolari potosikotikodepresiboa. Frank Zapparen miresle, Eskorbutoko txistulari eta Josu Zabalaren jarraitzailea bera. “Gurozu pastillatxue?”.

Alex Ruiz de Azua. Hona beste gutar handi bat! Seguru asko, emanaldi gehien egin dituen gutar gonbidatua izango da Alex: albokari, armonikajole eta, berak dioen moduan, 10eurotik beherako perkusio tresna orotan espezialista. Guzti horrekin batera eta, batez ere, jende ona. Hasiera baino lehenago izan zen gurekin eta bukatu ondoren ere izango gara berarekin. Txapo!

Dantzariak: Maite, Rikar, Esturo eta Eneritz. Abadiñarrak eta iurretarrak, nor baino nor dantzari-dantzetan, elkarrekin Gu ta gutarrokin. Gutar aspaldidanik, betidanik lagun. Portau zinien, gero!


Asisko Urmeneta eta Aitor Txarterina. Badakigu jende askok ezin izan zituela marrazkiok ikusi Platerueneko horma batean proiektatu zirelako eta barra bueltan zeudenen ikusmenetik kanpo geratzen zirelako. Gure barka eskeak beraz, biei. Eta barka eske bereziak Aitor Txarterinari, Durangon izan, aipatu ez eta, orain, gure gaitasunik ezak (ez dugu lortzen zuk bidalitako formatua argazki bihurtzerik!!!!) bere marrazkiak sartzeko gauzezak bihurtzen gaituelako (saiatuko gara, Aitor, baina guk informatikaz…).


Xabier Amuriza, Maialen Lujanbio eta Jon Maia. Zer esan hiru hauetaz? Xabier aitzindaria izan zen, besteak beste, bertsoak musikarekin uztartze horretan. Laurogeigarren hamarkada urrun hartan, Josu Zabala lagun zuela, 400 herri eta mila bertso berri paratu zituen. Maialen Judith Montero eta Xabi Erkiziarekin batera, hor ari dira Ornitorrinkus emanaldi deskribaezinean eta Jon, gure Long John, Karidadeko Benta zarratu ostean, planak egiten ari ei da. Bertsotan zertarako gai diren ez dizuegu azalduko, ezta?

Eta Hiru Handiak. Gu ta gutarrak-en emanaldietan bertsolariok egon izan gara beti lehenengo lerroan baina bertso kantei eutsi dietenak hiru lagunok izan dira: Josu Zabala (Gurutarra), Xanpe (Gutarratatan) eta Aitor Rubio (Gutar player). Gainera, bertsotan ere aritu dira eta aritu ziren lehengo ostiralean ere. Askoren harridurarako (baita beraienerako ere), bakoitzak bere kabuz eta sekretuan prestatutako bertsoek, gauza bera zuten oinarrian. Bai, musikariak ere hunkitu egiten dira (laster ikusgai).
Bada, horixe, gutarrik asko guztioi! Gaur ere ahaztuko genuen izenen bat, pertsonaren bat, gerteraren bat… Lasai ordea, aste honetan zehar blogari jaten ematen joango gara, guretzat behintzat, egun ahaztezina izan zen horren berri izan dezazuen.
Linbotik.
Gu ta gutarrak.
Ekaina 13, 2008
Egilea: igor | Data: 2008/06/13 00:00
Gaur, ekainak 13, San Antonio eguna, gaueko 22:00etan, Durangoko Plateruenean, azken emanaldia hainbat gutarrekin: Iñigo eta Nando Arrieta, Bixente Martinez, Jose Angel Irigaray, Gotzon Barandiaran, Leire Bilbao, Ander Lipus, Tipul eta Putil, Javi Cepeda, Rafa Rueda, Alex Ruiz de Azua, Asisko Urmeneta, Aitor Txarterina, Unai Esturo, Rikardo Gaztelurrutia, Xabier Amuriza, Jon Maia, Maialen Lujanbio,…
Ekaina 11, 2008
Egilea: unai | Data: 2008/06/11 10:58

Bagoazela! Bukatzera doala gure ibilera gutarra!
Urte eta erdiko bide gutar honenak egin du. Ostiral honetan, Ekainak 13, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, gaueko hamarretan izango da gure azkeneko emanaldia. Sasi guztien azpitik eta laino gutzien gainetik, gutarren festa izan dadin saiatuko gara gu. Zuk, berriz, emanaldirako sarrerarik erosi gura bazenu, Plateruenan bertan edo, erreserbatzeko, kultura@plateruena.net helbidera idaztea daukazu.
Bazatoztenoi eta etorri nahi zenuketenoi, eskerrak aldez aurretik.
Biba Pellot! Biba besta!
Ekaina 10, 2008
Egilea: unai | Data: 2008/06/10 16:23
Enamorado de la muerte kantazen zuen RIPek bere garaian. Beste arrasatear batek, Ines Osinagak, bertsio eder hau egin zuen joan den barikuan Aretxabaletako emanaldian. Aitor Rubio gitarran eta Xanpe baterian izan zituen izan zituen lagun. Karlos Mahomaz oroitu zen bat baino gehiago: betiko gutar!
Ekaina 9, 2008
Egilea: unai | Data: 2008/06/09 23:42
Seaska kanta nire saltzaile maiteari. Halaxe du izena Ines Osinagak (Gose) Aretxabaletan eskaini zigun lo-kanta berezi bezain ederrak. Gure gurutarra aspaldi katigatu zuen kanta horrek eta haren eskariari erantzunez eskaini zuen Inesek.
Ekaina 9, 2008
Egilea: unai | Data: 2008/06/09 09:16
Kronikan aipatu bezala Arangurengo emanaldian Gorka Urbizu (Berri Txarrak, Katamalo) izan genuen Gutar gonbidatu legez. Preso daukaten Peru Aranburu bertsolari lekeitiarrak idatzitako “Min hau” kantua eskaini zigun Gorkak, “18/98+… Auzolanean” diskoan Berri Txarrak-ek grabatutako kantuaren bertsio soila eta ederra. Eskerrik asko Gorka eta besarkada bat, Peru!